7. proba. Otxandio



                                                                   En castellano











Sarrera





2019ko Maiatzaren 26an, igandea, orientazio froga berri bat egingo da Otxandion. VI. Jesús de la Fuente Zirkuitu Herrikoiko azken froga egingo dugu. Erabiliko den mapa Otxandio-Oleta aldeko iparraldean gelditzen dena da, 2012an “I. Bizkaia Rogaine”an erabilitakoaren antzerakoa, froga hontarako Lali Fernandez eta Jon Bengoetxeak berraztertu eta eguneratua eta trazatuak Zigor Garciak prestatua. Proba hau Eskola Kirolako Orientazio Ligarako baliogarria izango da.

Jarraitu baino lehen, portaera arau basikoak irakurri eta ulertu. Oso garrantzitsua da hau egitea, batez ere jadanik kirola ezagutzen duzuenentzat, zuen kirol lorpenak arau hauen gainetik ez jartzeko.

Informazio guztia irakurri ondoren oraindik zalantzak badauzkazu, idatzi cobidea@gmail.com mail helbideari.

Egitaraua


2019ko Maiatzak 26, domeka

  • 09:30     Konpetizio zentruaren irekiera eta SPORTident jasotzea
  • 09:45     Azalpentxoa
  • 10:00     Lehenengo irteerak 
  • 12:00     Azken irteerak
  • 14:00     Helmugaren itxieran

Proba bukatzean zerbait jateko eta edateko egongo da parte hartzaile guztientzat.

Deskribapena

Proba hiru ibilbideetako bat (open horia, open laranja edo open gorria) betetzean datza. Parte-hartzaileak, banaka edo taldeka, tarteka aterako dira eta mapan markatutako puntu guztietatik eta ordenenan igaro beharko dira. Mapa irteeran emango da eta START balizan “fitxatu” ondoren begiratu ahalko da.Puntu batetik hurrengora joateko bakoitzak nahi duen bidea aukeratuko du.

Parte-hartzaileek SPORTident pintza elektronikoa eramango dute eta baliza bakoitzean dagoen estazioan sartu beharko dute. Helmugaren ostean datuan ordenagailu batera pasatuko dira.

Nahiz eta ibilbide osoa ez bete, derrigorrezkoa izango da helmugatik pasatzea antolatzaileek jakin dezaten parte-hartzailea galdu ez dela.

Probako eremuan zelai zabalak eta pagadi garbiak edo sasi gutxidun pinudiak aurkituko dituzue. Bidezidor eta pista asko ere egongo dira. Ikuspen oneko zonaldea da, baina kontutan hartu beharko duzue landarediak zuen ibilera motelduko duela, norabide egokiena hautatzerako orduan.

Zenbait errekatxo gurutzatu beharko dira, emari gutxikoak eta errez pasatzekoak, gorabehera gutxidun zonaldeetan meandro itxurako kurbek zenbait baliza aurkitzeko erreferentziatzat balioko dutelarik. Gorabehera ertaineko zonaldea da, beraz orokorrean lasterketan korrika erraz egiteko aukera asko izango dituzue.

Ibilbidearen aukeraketa, maila fisikoa eta kontzentrazioa ezinbesteakoak izango dira.



Hauek dira probaren ezaugarriak:
  • Kronometrajea: SPORTident
  • Mapa: orientazio mapa, 2002an Viktor Dobretsov-ek sortua
  • 2019ko Apirilean Lali Fernandez eta Jon Bengoetxeak berraztertu eta eguneratua, ISOM 2017 araudia jarraituz.
  • Ibilbidea: Zigor García Gorrotxategi eta Jon Bengoetxea
  • Eskala: 1:10.000
  • Urrunkidetasuna: 5 metro.
  • Azalera: 7 km2


Ohar Garrantzisuak


  • Gogoratu beharrezkoa dela edozein kasutan helmugatik eta SPORTident ordenadoretik igarotzea, antolakuntzak jakin dezan.
  • Lasterketa inguruan babestutako zenbait jabetza pribatuak daude eta guztiz DEBEKATUTA dago haietan sartzea. Mapan berdez daude marraztuta.
  • Urkiolako Parke Naturaletik gertu dagoenez mapa, zorte pixka batekin oreinak, orkatzak edo basurdeak  ikusi ahal izango dituzue.
  • Aurkitzen dituzuen animaliak errespetatu (behiak, zaldiak, ahuntzak…)
  • Ibilbide horian berritasuna: umeak laguntzarik gabe proba bete dezaten, bakarrik bidegurutze nagusienetan okerreko bidea hartzen badute, aurpegi triste bat topatuko dute. Hau topatzen badute, aurreko bidegurutzera berriz bueltatuko beharko dira bide zuzena hartzeko.
  • Arropa eta motxilak gordetzeko aukera egongo da.
  • Eskatzen dizuegu ingurunea errespetatzea eta mendi polit honetako elementuak ez apurtzea, beti bezala, antolakuntzaren arauak errespetatuz.

Distantziak eta Desnibelak


3 kategoria egongo dira balizen zailtasuna eta distantzia totalera egokituta. Oraingoan honela deituko dira:

  • Open horia: 13 baliza. 2,9 km. +95m.

Umeentzat, hasiberrientzat edo orientazioa lasai hartzen dutenentzat. Denborarik onena (zenbatetsi): 25 min.

    • Open laranja: 17 baliza. 4,6 km. +155m.

                Jadanik orientazioan aritu direnentzat. Zailtasun tekniko eta fisiko ertaina. 

Gizonezkoen eta emakumezkoen sailkapena egongo da kategoria honetan. Denborarik onena (zenbatetsi): 40 min.


  • Open gorria: 22 baliza. 7,9 km.+260m.

                       Orientazioan esperientzia handia dutenentzat. Zailtasun tekniko eta fisiko altua. 

                     Aurten gizonezkoen eta emakumezkoen sailkapena egongo da kategoria honetan. Denborarik onena (zenbatetsi): 60 min.


Open Horiko ibilbidea batez ere pista eta bidezidor errezetatik zehar izango da, zenbait bidegurutzerekin non iparrorratzaren erabilera egokia beharrezkoa izango den mapa norantza zuzenean jarri eta zein bidetatik jarraitu erabakitzeko. Balizak bideetatik gertu egongo dira, beraz aurretik beste probaren bat bete dituzten umeek bakarrik parte hartu ahalko lukete laguntzarik eta arriskurik gabe. Mapan baliza bakoitzaren sinbologiaren azalpentxoa etorriko da textu-eran. 

Open Laranjako ibilbidea pixkat luzeagoa izango da baña gehiegizko gorabeherarik gabe, beraz open gorrian parte hartzen ausartzen ez diren partehartzaileek ere lursail mota desberdinak frogatu ahalko dituzte, pagadi zabalak nahiz erreka inguruak behe landarediarekin, norantza aldaketekin eta landarediaren koloreztapen desberdinekin.

Open Gorriko ibilbidea hiruretan luzeena eta fisikoki gogorrena izango da, hala ere dibertigarria izango delarik orientazio frogetan parte hartzera ohituak daudenentzako, lursail mota desberdinekin, bidezati luze eta laburrak txandakatuz, norantza aldaketekin, izan pagadi zabalak nahiz errekaren meandroak, txondortegiak, trintxerak eta sorpresaren bat helduleku eta guztiko zubitxo eran basoaren erdian:







Kategoriak
  • Open Horia
  • Open Laranja: Emakumezkoa
  • Open Laranja: Gizonezkoa
  • Open Gorria: Emakumezkoa
  • Open Gorria: Gizonezkoa
  • Eskola Kirola – Txikiak
  • Eskola Kirola - Nagusiak

    

Materiala

  • Arropa erosoa oinez joateko edo korrika egiteko. Euria ariko balu, aldatzeko arropa ekarri.
  • Mendian korrika egiteko zapatillak.
  • Galtzerdiak edo polainak: oso gomendagarria da hanka osoa estaltzea. Arlo batzuek sasi asko dituzte.

Partehartzeko iparorratza beharko duzu eta SPORTident pintza ere. Ez badaukazu iparorratzik, orientazio-iparrorratzak prest egongo dira behar dituztenei uzteko irteeran. Horren fidantza bezala NANa utzi beharra dago. Kopurua mugatua da.

Kronometraje sistema elektronikoa da (SPORTident). Parte-hartzaileek pintzak alokatzeko aukera izango dute (fidantza bezala NANa utzi beharra dago). Sistema honen bidez emaitzen gestio azkarrago eta hobea lortuko dugu eta, gainera, parte-hartzaileok ere errazago "pikatuko” dituzue balizak. Pintza galduz gero, balio duena ordaindu beharra dago (40 euro).

Irteerak


Irteerak 10:00etatik 12:00etara izango dira. Beraz, ez da beharrezkoa bertan hasieratik egotea. Hurbildu zaitez irteera hartu nahi duzun ordua baino minutu batzuk lehenago. Irteeran bertan parte hartzaileak tarteka jarriko dira.
Irteera lehiaketa zentroaren eta aparkalekuaren ondoan izango da.

Hau egin beharko duzu bertara iristean zure egoeraren arabera: 
  • Izena eman dut eta txiparen alokairua eskatu dut: 
  1. Zure txipa jaso (NAN utzi beharko da maileguan) 
  2. Irteerara joan 
  3. IRTEERA 
  • Izena eman dut eta nire txipa daukat 
  1. Irteerara joan zuzenean 
  2. IRTEERA 


Helmuga

Konpetizio Zentrua, baita irteera eta helmuga ere, Otxandioko frontoi eta Eskolen ondoan kokatuak egongo dira.

Helmuga pikatu ostean, SPORTident pintza deskargatu beharko duzue ordenadorean. Ticket bat jasoko duzue eta bertan ibilbideko zuen denborak izango dituzue. Ondoren, hornidura postutik pasa zaitezkete indarberritzeko. Gogoratu zaborra dagokion poltsetan birziklatzea.


Nola heldu

Debagoienatik edota Goierri aldetik bazatoz, biderik laburrena Arrasate-Aramaio – Kruzeta portua eta Oleta auzotik zehar Otxandiora.
Arratiako bailaratik zehar bazatoz, Barazarko portua igo eta portuaren gainkaldeko zuzengunearen ia bukaeran ezkerrerantza hartuz Otxandiora.
Gasteiz ingurutik bazatoz, Legution Urkiolarantzako bidea hartuz Otxandioraño.
Eta azkenik, Bizkaia eta Gipuzkoako gainontzeko eremuetatik bazatoz, Otxandiora heltzeko biderik errazena A-8 autopistaz Durangorarte joan, bertan Mañariatik zehar Urkiolako mendatea igo eta ondoren Otxandiora jeistea.




Konpetizio zentrua Otxandioko frontoiaren kanpokaldean kokatua egongo da, futbol zelaiaren, igerilekuaren eta Eskolaren ondoan. Inguruan aparkaleku txiki bat dago, goiz zatoztenek bertan aparkatu ahalko duzuelarik. Gainontzekoek herri guztian zehar dauden aparkaleku desberdinetan utzi ahalko duzue kotxea, konpetizio zentrura oinez 5-10 minutu izango dituzuelarik.



Otxandio. Leku interesgarriak




Izen-emateak

    Runediaren bidez. Izena eman baino lehen, kontuan izan hurrengoa:
    • Runediako inskripzio talde batek ez dauka erlaziorik proban egiten diren taldetxoekin. Bakarrik hainbat pertsonen inskripzioa eta ordainketa batera egiteko pentsatua dago.
    • Runedian izena ematen duen partehartzaile bakoitzak osagarri guztiak banaka hartu beharko ditu (pintza bat, kirol aseguru bat...). Ezin da egongo parte hartzailerik pintzarik gabe
    • Parte hartzaile batek lagun bat badarama (normalean umeak; lagun bakarra pertsonako), bere kabuz izena eman gabe, lagun honek ezin izango du beste osagarririk eskatu (ez mapa, ez pintza, ezta kirol asegurua). Guztirako, proban parte hartzen ez duen laguntzailea izango da.
    • Bakarrik izena ematen duten pertsonek daukate eskubidea maparako, pintzarako, asegururako eta amaierako janari eta edarirako.

    Prezioak

    • 7 euro (5 euro COBi bazkideentzat). Adingabekoak: 2 euro deskontu moduan
    • Kirol Asegurua: 2 euro
    • SPORTident Alokairua: 2 euro. Adingabekoak: Euro 1 deskontu moduan
    • In situ Izen-emateak: EZIN izango da
    • Eskola Kirola: 3 euro  (izen-ematea derrigorrezkoa)


    Kirol Asegurua

    Mendi mailako kiroletarako asegururik ez baduzue, kasurako FEDO edo mendiko lizentzia, antolatzaileok gomendatu egiten dizuegu eguneko asegurua kontratatzea; ezaugarriak hauexek dira. 2€ko prezioa du eta, baliokoa izateko, izen ematea egiterakoan datu guztiak bete behar dira horretarako formularioan (izena, abizenak, NAN zk., eta jaiotze-data)

    Izen-emateak eta Ordainketa

    Aurten izen emateak Runedia plataformarekin egingo dira baita ere. Proban izena emateko MODU BAKARRA da. Lan hori errazteko, pertsona batek 5 partehartzaile inskriba ditzake eta ordainketa bakarra egin guztiengatik. Dena den, laguntzaile bezala inskribatu gabeko pertsonak joan litezke, nahi izanez gero. 


    COBiko bazkideen izen emateak euren saldotik kobratuko dira, beraiek horrela nahi badute, eta ez zaie kobratuko plataformaren bidez. Dena den, Runediaren bidez egin behar dute inskripzioa. 

    Epea: Maiatzaren 22a, asteazkena, 23:59ak arte. Ez dira onartuko in situ izen-emateak.



    Inscripciones / Izen-Ematea

    Mugikorrean edo tablet-ean gaizki ikusten baduzue, horizontalean jarri edo hurrengo zuzeneko esteka erabili: 



    Izen ematea eginda eta baieztatuta daukazuenean hurrengo estekan ikus dezakezue: 



    ANIMATU ETA PARTE HARTU!
    Antolatzailea


    Club de Orientación Bidea


    Laguntzaileak


    http://www.otxandio.eus


    www.deia.eus


    https://bmf-fvm.org/deporte-escolar/

    http://web.bizkaia.eus/